XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basauriko Sozial Antzokian zirkua igandean

Basauriko Sozial Antzokiak zirkuarekin emango dio hasiera urte berriari, igande honetan Mugak salta zirkua izeneko ikuskizuna jarriko baitute agertokian.

Basauriko aretoko agertokia aldatu beharko dute horretarako.

Zirkuko ikuskizun bati dagokionez, ez dira pailazoak faltako.

Txoronpio, Pantxi eta Pantxo izango dira bertan haurrei algara batzuk eginarazteko asmotan. Ekilibristak, malabaristak, magoak, patinatzaile akrobatikoak eta labana jaurtitzaileak ere ikusi ahal izango dira.

Koldo Izagirre eta Joseba Tapia Elorrioko Arriolan

Koldo Izagirrek eta Joseba Tapiak prestatu duten Apoaren edertasuna izeneko ikuskizuna Elorrioko Arriolara iritsiko da bihar.

Gaueko 10.30ean hasiko da emanaldia eta bertan, jakina denez, izen bereko diskoan ezagutzera eman duten kanta bilduma interpretatuko dute.

Izagirrek, pieza bakoitzaren sarrera gisa, ipuintxo bat kontatuko du eta Joseba Tapiak, trikitixarekin lagundurik, kantatuko ditu pieza horiek.

Ikuskizunean Izagirreren ironia gaiztoa eta Tapiak trikitixari ematen dion ukitu malditoa elkartu dira.

Atapuercan hominidoen lehen kanpalekuaren bila hasi dira

Urte berriarekin batera Atapuercan abian jarri duten indusketa kanpaina berriaren helmuga orain 500.000 urte leku horretan bizi izan ziren hominidoen kanpalekua aurkitzea da, halaxe esan du Jose Maria Bermudez de Castrok, indusketa taldearen arduradunetako batek.

Halakorik aurki bageneza, aurkikuntza itzela izango litzateke eta garai hartako gizartearen antolamendu eta ohiturei buruzko ondoriorik aterako genuke, bidenabar, Erdi Pleistozenoko talde horri buruzko datu biologikoak ere pilatuz. Gran Dolinan egin ditugun katek kanpaleku bat egon litekeela adierazten digute esan zuen.

Casto Solano bilbotarraren eskulturak Parisen

Casto Solano eskultore bilbotar gaztea Parisen aurki zabalduko duen erakusketa prestatzen ari da.

Artistak berak jakinarazi duenez, areto itxian jarriko dituen eskulturez gainera tamainu handiko brontzezko irudi bat ezarriko du kalean.

Solano bilbotarra da jaiotzez, nahiz eta gaur Gasteizen bizi den.

Bilboko Aste Nagusian egin zuen erakusketa bati esker eman zuen bere obra ezagutzera eta geroztik han-hemenka lan garrantzizkoak egin ditu.

Oraindik orain Cheren omenez Kubako Santa Clara hirian jaso duten mausoleoko irudi nagusia egin du berak.